|
|
NOLA KENDU TXUPETEA
Txupeteak ziurtasun handia ematen dio umeari hainbat egoeratan: lotarako,
gaixorik dagoenean, nekatuta... Baina 2-3 urte bitarteko sasoia egokia
izaten da ohitura honi agur esateko. Hoberena, apurka-apurka eta pazientziaz
egitea izaten da; umeak ez badu txupetea eskatzen, ez zaio eskaini behar,
eta lehen aipatu ditugun bezalako egoeretarako gordeko dugu. Hala ere,
ohitura luzatuz doala uste badugu, eraginkorra izaten da aholku batzuk
kontuan hartzea:
-
Ez hartu erabakia beste gertaera esanguratsuren batekin
batera: neba-arreba bat jaiotzean, ikastolaratze-prozesuan, zaintzailea
aldatzean...
-
Haurrarekin hitz egin, txupetea uzteko psikologikoki
prest egon behar du. Erabakia berarekin batera har ezazue, uztearen
alde positiboak azpimarratuz: bera ume nagusia dela… Gurasook ziurtasuna
sentiarazi behar diozue, gai izango dela adieraz iezaiozue, zeuengan
antsia antzematen badu, berak ere sentitu egingo baitu eta beldurtu
egingo da.
-
Behin erabakia hartuz gero, ez atzera egin! Adostutakoa
samurki baina tinko bete ezazue. Momentua ailegatzen denean, damutzen
bada, kontsolatu, baina aurrera egin. Azaldu zertan gelditu zineten,
betetzeko gai dela esan, konfiantza eman.
-
“Larrialdietan”, maite duen panpina erabil daiteke,
besarka dezan...
-
Bere lorpen guztiak (portaera “nagusi” guztiak) indartu.
Esaiozue zein harro zaudeten berarekin, zein nagusia den, familiakoen
aurrean aipatu, goraipatu... eta maitasuna eman, maitasuna beti izaten
baita gakoa! ZORTE ON!
|
|